Buzzko: irudirik onena Interneten

Buzzko: irudirik onena Interneten

Bi ekintzailek beren indarrak batu, arriskatu, eta lan, izapide eta bilera asko egin ostean, web-diseinurako eta online komunikaziorako agentzia bat sortu zuten. Horixe da Buzzko enpresaren historia, baina, batez ere, hura sortu duten Irati González (Donostia, 1985) eta Maialen Fernández (Donostia, 1985) fundatzaileen historia. Bi ekintzaile horiek tandem ezin hobea osatzen dute, eta, bost urtez buru-belarri lan egin ostean, guztiz finkatutako proiektu bat dute esku artean. Gaur, nola lortu duten kontatuko digute, baita Gaztenpresa beren erronkan zein garrantzitsua izan zen ere.

GAZTENPRESA BLOGA: 2011n, krisialdi betean, Buzzko jaio zen. Zuen blogean, hura sortzeko prozesuaz hitz egiten duzue, baita horretarako izapide, bilera, plangintza eta, batez ere, ahalegin guztiaz ere. Zein izan ziren oztopo nagusiak enpresa sortzeko orduan? 

MAIALEN FERNÁNDEZ. Txipa aldatzea, dagoeneko ez baitzara besteen konturako langilea, enpresa baten arduraduna baizik. Bat-batean, aurrekontuak nola prestatu jakin behar izan genuen, bezeroekin bildu, soldatak eta izapideak egin, bezero berriak bilatu… Ez zen prozesu erraza izan.

GZT. Eta zenbateko arriskua hartu zenuten ekitea erabaki zenutenean? Zer utzi zenuten atzean?

M.F. Nik lanpostu finko bat utzi nuen diseinu grafikoko enpresa batean, nire hipoteka sinatu eta bi hilabetera. Erokeria bat. 

IRATI GONZÁLEZ. Nik autonomo gisa lan egiten nuen dagoeneko, online marketineko enpresa batentzat. Beraz, aldaketa ez zen horren bortitza izan.
GZT. Irati komunikabide tradizionalen mundutik zetorren, eta Amaia, berriz, grafiko-, web- eta publizitate-diseinuaren mundutik. Hau da, bata kazetaria zen, eta bestea, berriz, diseinatzailea. Oso profil desberdinak. Zergatik erabaki zenuten indarrak batzea? Gomendatuko al zeniekete beste ekintzaile batzuei bat egin eta elkarrekin enpresa bat sortzea?

I.G. Duela urte askotatik ezagutzen dugu elkar, institutuan eta lan-udaleku batzuetan elkarrekin egoteaz gain, lagun batzuk partekatzen baititugu. Online marketinarekin lotutako alderdi guztietan, diseinuari, web-garapenari eta abarrei buruzko ezagutzak eta komunikaziora eta marketinera bideratutako profila behar direla ikusi genuen, eta tandem egokia egin genezakeela pentsatu genuen. Adibidez: enpresa batek web-orri bat behar badu, Maialen diseinuaz eta sorkuntza teknikoaz arduratzen da, eta ni, berriz, testuez, blogeko komunikazio-estrategiaz, informazioa antolatzeaz… Elkarrekin, erabateko zerbitzua eskaini nahi diogu bezeroari, hasiera-hasieratik amaierara, lan-prozesua bizkortzeko, denbora-tarteak murrizteko, talde barneko koordinazioa eta komunikazioa hobetzeko eta abarretarako; eta hori oso gogoko dute bezeroek: Interneten irudi bat izaten lagunduko dion lantalde osoa ezagutzea, alegia.

M.F. Gure kasuan, guztiz gomendatzen dugu pertsona ekintzaileen arteko batasuna, enpresa gisa nahiz unean uneko lankidetzetarako, oso positiboa baita proiektuei elkarrekin aurre egin ahal izatea. Izugarri ikasten da gainera, gauzak ondo edo gaizki atera.

 

Negozioa finkatzea

GZT. Bost urte igaro dira dagoeneko, eta, gaur egun, behar bezala finkatutako enpresa bat da Buzzko. Asko hitz egiten da enpresa bat sortzeko orduan izaten diren zailtasunen inguruan, baina ez horrenbeste gero datorrenaz. Finkatzea al da zailena?

M.F. Nahiz eta orain gauzak ondo joan eta hasieran baino lasaiago egon, guztiz inoiz ez zarela finkatzen sentitzen dugu.

I.G. Ez gara guztiz lasaitu: beti gaude erne, ikasten, hobetzen eta bezero berriak bilatzen jarraitzeko prest. Gure ustez, enpresak horrexegatik jarraitzen du hobera egiten eta garatzen.

GZT. Nola lagundu dizue Gaztenpresak? Zein izan da erronkarik handiena?

M/I. Guretzat, Gaztenpresa oso baliagarria izan zen enpresa abian jartzeko orduan. Gidaritza, laguntza eta aholkua eskaintzen dizkizuten aholkulari profesionalen laguntza asko eskertzen da, jardueraren lehen urteetan batez ere. Aurreko galderari dagokionez, aholkularitza eta gidaritza ezinbestekoak dira enpresa finkatzeko prozesu osoan zehar.
GZT. Zaila al da gomendatzen uztea?

M/I. Buzzkoren kasuan ez, argi eta garbi baikenekien proiektuaren zein alderdi kontrolatzen genituen eta zein ez. Guk kontuen inguruko laguntza behar genuen, baita “saltzaile-txipa” aktibatzea ere, langile izatetik enpresari izatera igaro baikinen. Hori horrela, gure proiektua saltzen ikasi behar izan genuen. Zentzu horretan, beti eskertu izan dugu jasotako laguntza.
GZT. Oso aktibo mantentzen zarete sare sozialetan eta zuen webgunean. Izaera teknikoagoa duen informazio erabilgarria gaineratzen duen blog batez gain, ostiralero musika gomendatzen duzue Twitterren, bideo barregarriak igotzen dituzue Youtubera eta Facebookera, beste orri batzuetako irakurgai espezializatuak partekatzen dituzue… Komunitatea sortzeak bezeroak irabaztea esan nahi du?

M/I.  Guztiz. Gure ikastaroetara joaten diren edo aurrekontuak eskatzen dizkiguten pertsona askok Interneten guri buruz ikusitakoa gogoko dutelako jotzen dute guregana. Pixkanaka, dakizuna erakusten duzu, enpresa gisa duzun nortasuna, zure lehentasunak… Beti saiatu gara Internet jendearengana hurbiltzeko erreminta gisa erabiltzen, baita gauzak eta lan egiteko gure modua erakusteko ere.

 

Internet, munduko erakusleihoa

GZT. Zer esango zeniekete mota horretako sareko ekintzekin bezeroak ez direla berehala lortzen eta, beraz, ezertarako balio ez dutela pentsatzen duten enpresariei? 

M/I. Bizi garen mundu honetan, ia pertsona guztiek Internet erabiltzen dute informazioa, iritziak, produktuak, enpresak, zerbitzuak… bilatzeko. Eguneko 24 orduetan gaude konektatuta. Horrenbestez, hor egotea da onena, jendeari entzuteko, kritika positiboak nahiz negatiboak jasotzeko, horietatik ikasteko eta horiei erantzun ahal izateko, betiere enpresaren ikuspegia helaraziz. Gainera, Internet eguneko 24 orduetan dago zabalik, urteko egun guztietan eta mundu osoan. Zergatik ez duzu nahiko zure enpresa munduko erakusleiho horretan egotea?

GZT. Prestakuntza-ikastaroak ere eskaintzen dituzue. Ez al duzue uste zuen lehia gisa jardun dezaketen etorkizuneko profesionalak prestatzen ari zaretela? Zergatik egiten duzue hori? Nola aberasten zaituzte?

M.F. Posible da, baina ez zaigu axola. Prestakuntzaren kasuan, jendeak online marketinaren oinarriak, erremintak eta abar uler ditzala da gure helburua, baita horiek gure egunerokotasunean (gure seme-alabekin, adibidez) edo lan- eta enpresa-esparruan duten garrantzia ere. Jendeak horiek eskain diezazkieketen onurak uler ditzala nahi dugu. Gure ikastaroetara etortzen diren pertsona gehienek asko ikasten dute; baina, horrez gain, sare sozialek, blogek, posizionamenduak, mailingek eta abarrek hasiera batean uste zutena baino askoz denbora eta lan gehiago ematen dutela konturatzen dira.

I.G. Seguruenik ez dira adituak izango ikastaroa amaitzean, baina ingurune digitala ezagutzeko oinarrizko alderdi teknikoak ezagutuko dituzte. Horrela, beren enpresek zer behar dituzten erabaki ahal izango dute, eta, esaterako, aurrekontu bat eskatzen duzunean edo online marketineko eskaintza bat egiten dizutenean zer eskaintzen ari zaizkizun baloratu ahal izango dute.


GZT. Zer esango zeniokete
ekitea pentsatzen ari den norbaiti?

M/I. Ekitea oso bide gogorra da, hasieratik amaierara. Etxera eramaten dituzu kezkak, ez dago ordutegirik, jakin beharko zenituela pentsatuko ez zenukeen gauza askoren inguruan prestatu behar duzu, gauza guztiei egin behar diezu aurre, zuk zeuk hartu behar dituzu erabakiak… Zure proiektuaren aldeko apustua egiten duzunean, porrot egiteko beldurra dela medio, erantzukizun handia hartzen duzu. Halere, ekintzaile gisa izan dugun esperientzia aztertuz gero, alderdi positiboak negatiboak baino gehiago izan direla esan genezake; eta, topikoa badirudi ere, egunez egun planteatutako zailtasun, erronka eta helburu guztiek indartsuago eta profesionalago egiten gaituzte. Azpimarratzeko da gogor lan egiten duzunean gauzak ondo doazela ikusteak sentiarazten dizun poztasuna eta harrotasuna. Hortaz… beste bost urteren bila goaz, gutxienez!

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?