Eguneratu zure negozio-plana: analisi estrategikorako tresnak - Gaztenpresa

Eguneratu zure negozio-plana: analisi estrategikorako tresnak

Beren bizitzan zehar, enpresa askok beren negozio-planak eguneratu behar izaten dituzte, egoera berrietara egokitzeko (krisi-egoeretara, adibidez) eta lehiakorrak izaten jarraitzeko. Analisi estrategikoei esker, zure enpresaren funtzionamenduan eragiten duten faktore guztiak ezagutu ditzakezu, hala nola alderdi operatiboak, barnekoak, eta merkatuen portaeran eragina duten kanpo-egoerak. Faktore horiek identifikatzen lagun diezazuketen hainbat tresna daude.

 

AMIA analisia edo matrizea

Eusko Jaurlaritzak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak, besteak beste, metodologia gisa bereganatu duten tresnarik ezagun eta eraginkorrenetako bat da. Haren lau analisi-elementuei esker, zure negozioaren barneko eta kanpoko indarguneak eta aukerak ebaluatu ahal izango dituzu, baita ahuleziak eta mehatxuak ere.

Iturria: Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa.

 

  • Indarrak. Beste enpresa batzuen aldean, zureari mesede egiten dioten alderdiak identifikatzen ditu, hala nola prezio eta kostu lehiakorragoak, egokitzeko gaitasuna edo egitura txikiagoa.
  • Aukerak. Zure negozioa garatzen laguntzen duten kanpo-faktoreak dira, digitalizazioa edo merkatuaren hazkundea, adibidez.
  • Ahuleziak. Beste enpresa batzuen aldean, zure enpresari zein barne-elementuk kalte egiten dioten zehazten du, hala nola markaren ezagutzarik ezak edo gainerakoek baino prestazio txikiagoak izateak.
  • Mehatxuak. Zure jarduera argi eta garbi kaltetzen duten kanpo-faktoreak aztertzen ditu, egoera ekonomikoa eta eskaeraren urtarokotasuna, adibidez.

 

CAME analisia

AMIA analisiak baino izaera exekutiboagoa du, haren helburua akatsak zuzentzeko eta trebetasunak sustatzeko beharrezko ekintzak zehaztea eta abian jartzea baita. Honako hauek dira haren lau azterketa-elementuak:

ITURRIA: “Coaching para emprendedores” webgunea

 

  • Ahuleziak zuzentzea. Ahuleziak edo horiek zure enpresan duten eragina txikitzeko estrategiak prestatzea da helburua.
  • Mehatxuei aurre egitea. Mehatxuak ahulezia bihur ez daitezela lortu behar duzu, eta horretarako, arrisku bat ez gertatzeko edo haren inpaktua arintzeko ekintzak diseinatu behar dituzu, besteak beste.
  • Indarrei eustea. Zure indarrak zaintzea eta lehiarako abantailari eustea da helburua.
  • Aukerak ustiatzea. Aliantzak bilatu eta proaktiboa izan behar duzu, aukerak etorkizunean indargune bihur daitezen.

 

PESTEL analisia

Batzuetan, faktore soziopolitikoek enpresa baten jarduera baldintzatzen dute, bereziki atzerriko merkatuetan jarduten duenean. Jarraian adierazten diren elementuak aztertuta errazago identifikatuko dituzu faktore horiek, estrategiarik egokiena aukeratzeko:

ITURRIA: Francisco Torreblanca, marketineko aholkulari estrategikoa

 

  • Politikoak. Gobernu batek garatutako ekintza zehatzak, itunekin eta dirulaguntzekin lotuta, adibidez.
  • Ekonomikoak. Politika ekonomikoak, interes-tasak, KPI, langabezia-tasa eta abar.
  • Sozialak. Bilakaera demografikoa, hezkuntza-maila, gizarte-ohiturak eta abar.
  • Teknologikoak. Garapen teknologikoaren indizea.
  • Ekologikoak. Ingurumen-politikak, jasangarritasun-indizeak, birziklapena eta abar.
  • Legezkoak. Lan-osasunari, jabetza intelektualari eta zure negozioaren jardueran eragin dezaketen gainerako alderdiei buruzko legeak.

 

ANSOFF matrizea

Analisi hori Igor Ansoffek asmatu zuen 1957an, enpresa batek hedapen-estrategia bati ekiteko orduan izan ditzakeen arriskuak ebaluatzeko, eta merkatu batek eskaintzen dituen aukerak aztertzeko. Analisiak gaur egungo produktuak eta merkatu berriak uztartzen ditu, eta honako aldagai hauek ditu:

ITURRIA: Corporate Finance Institute

 

  • Merkatuan sakontzea. Gaur egungo produktu bat eta merkatu bat uztartzetik sortzen da; hau da, merkaturatzen ditudan produktu berberak erabiliz, merkatu batean gora egin dezakedan aztertzen du.
  • Merkatuaren garapena. Lehendik dagoen produktu bat merkatu berri batean sartzeko aukera aztertzen du.
  • Produktuaren garapena. Gaur egungo merkatuak produktu berri bat beregana dezakeen aztertzen du.
  • Dibertsifikazioa. Produktu berri baten sorrera eta hura merkatu berri batean merkaturatzeko aukera uztartzen ditu. Merkatua eta produktua garatzeko ikuspegi bateratua eskatzen du.

 

Porterren diamantea

Eredu honek hainbat adierazle aztertzen lagunduko dizu, zure enpresaren funtzionamenduan nola eragiten duten zehazteko. Tresna horri esker, zure produktuaren edo zerbitzuaren balio erantsia handitzeko zure enpresak zer egin behar duen zehaztu dezakezu. Honako elementu hauek aztertzen ditu:

Iturria: WTD Work To Do

 

  • Faktoreen baldintzak. Enpresa bati merkatuan posizionamendu handia ematen dioten faktoreak enpresak berak sortzen dituenak direla jasotzen du elementu honek.
  • Eskaeraren baldintzak. Eskaerak berritzera eta ahalegin handiagoa egitera behartzen du enpresa, bezeroak asetzeko.
  • Enpresen estrategia, egitura eta lehia. Lehia pizgarri bat da zure enpresak bere produktua edo zerbitzua hobe dezan.
  • Antzeko sektoreak eta sektore osagarriak. Ekoizpen-marjina jakin batzuk lortzeko lehiak areagotu egiten ditu eskaintzaren estandarrak, eta eskaintza hobetzen laguntzen du.
  • Gobernua/Zuzendaritza. Enpresa baten zuzendaritza arduratzen da enpresaren baliabideak kudeatzeaz eta berrikuntzaren edo ikerketaren alde apustu egiteaz.
  • Zoria. Negozio bati eragin diezaiokeen eta enpresa baten lehia-abantailak hobe edo kalte ditzakeen alderdi ukaezin bat da.

Zure negozio-plana eguneratzeko laguntza behar baduzu, Gaztenpresan behar duzun guztia eskainiko dizugu, zure enpresari merkatuaren egoera berrietara egokitzen lagunduko dion azterketa estrategikoa egin dezazun.

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Harpidetu blogean

Idatzi zure helbide elektronikoa, sarrera berrien jakinarazpenak jasotzeko.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?