Dropshippinga: zer den eta nola ezarri zure online negozioan - Gaztenpresa

Dropshippinga: zer den eta nola ezarri zure online negozioan

Ba al duzu Dropshippingaren berri? Gaurkotasun handiko negozio-eredua da; izan ere, gutxi gastatuta online denda martxan jartzeko aukera ematen du. Dropshippingaren bidez, zureak ez diren produktuak online saltzeko zeure webgunea kudeatuko duzu. Hau da, saltoki handi bateko saltzaile bilakatuko zara, zeure plataformaren bidez. Zuk salmenta egin eta saltokia arduratuko da produktua zuzenean bezeroari bidaltzeaz. Produktuaren stocka eta bidalketa ez dira zure ardura izango. Zure eginkizun bakarra saltzea izango da.

Gauza guztiek bezala Dropshippingak ere alde onak eta txarrak ditu. Abantaila nagusietako bat da ez dela finantzaketarik behar, hau da, inbertsio oso txikia eginda jar dezakezula martxan zure negozio berria. Salgai dituzun produktuak erosi behar ez dituzunez, stocka izateko ez duzu aurretik ezelako inbertsiorik egin behar. Transakzioa egin eta gero adostutako prezioa ordaindu beharko diozu hornitzaileari, besterik ez. Abantaila horrek badu beste bat berarekin, bizitza erraztuko dizuna: Dropshippingaren kudeaketa oso erraza da. Etxean jar dezakezu martxan zure saltoki elektronikoa, ez duzu biltegirik eduki behar, ez zara arduratu behar lizentziez, aseguruez eta logistikarekin lotutako bestelako baldintzez. Zure online denda egunean izatea eta eskaerak kudeatzea, hori da egin behar duzun bakarra. Eta biltegirik behar ez duzunez, saltokia alokatzeko eta mantentzeko gasturik ez duzu izango. Gainera, hornitzaile duzun saltoki nagusia arduratuko denez produktuaren logistikaz, prezio oso lehiakorrak izango ditu, bakarrik arituko bazina zuk izango zenituzkeenak baino hobeak, seguruenik.

Baina dena ez da abantaila. Dropshippingak baditu alde txarrak, eta ez nolanahikoak. Beraz, horrelako hornitzaileen bila hasi aurretik alde horiek oso kontuan hartu beharko dituzu:

Prezioen eta eskuragarritasunaren gaineko kontrol eskasa. Saltoki nagusia arduratzen denez produktuen prezioa jartzeaz, sustapenak egiteko edo prezioekin jolasteko marjina oso txikia izango duzu, hutsaren hurrengoa. Produktuaren prezioari mozkin-marjina erantsi besterik ezingo duzu egin. Hortaz, edozein beherapen zure errentagarritasunaren kontura izango da. Muturreko kasuetan, litekeena da produktu baten salmenta zuretzat errentagarria ez izatea. Eta, era berean, stockari dagokionez ere ez duzu esku-hartzeko aukerarik izango: ezingo duzu jakin saltoki nagusiak zenbat produktu duen, ez ordezkoak noiz jasoko dituen.

Salgaien gaineko kontrolik ez. Produktua zure eskuetatik pasatuko ez denez, ezingo duzu haren egoera ez bilgarriarena kontrolatu bezeroari bidali aurretik. Gogoratu zure bezeroa dela, ez saltoki nagusiarena. Beraz, saltoki horren lanean erabateko konfiantzarik ez baduzu, bezeroari arreta ez oso zaindua eskaintzera ohitu beharko zara, aholkularitza eta saldu osteko erreklamazioen kudeaketa barne.

Bidalketa, zure kontrolpetik kanpo. Bidalketak eta horiekin lotutako gaiak ez daude zure esku: saltoki nagusiak finkatuko ditu epeak eta baldintzak logistikako operadoreekin.

Ez dago esklusibotasunik. Merkataritza-harreman berezi honetan ezin diozu inolaz ere esklusibotasunik eskatu saltoki nagusiari, eta lehia gogorreko egoeretan lan egitera ohitu beharko zara. Ondorioz, ezingo diezu balio bereizgarririk erantsi zure produktuari ez zure zerbitzuari, salmenta-prozesu ia osoa partekatuko baituzu lehiakideekin.

Arrazoi horiek kontuan hartuta, Dropshippinga kasu jakin batzuetan bakarrik izan daiteke aukera interesgarria, eta hornitzailearekin negoziatzeko marjinen bat baldin baduzu. Gogoratu, dena den, zure dropshipperrarekin finkatuko dituzun baldintzen menpe egongo dela guztia.

Formula hori zein sektoretan erabil daitekeen jakin nahi baduzu, jakizu merkataritza elektronikoko enpresa erraldoiek ere eskaintzen dutela aukera hori, e-Bay edota Amazon saltokiek, esaterako. Gainera, askotariko sektoreetako marka askok erabiltzen dute. Adibide batzuk aukeratu ditugu, argigarri izan daitezkeelakoan.

Oinetakoak: Garatti eta Grupocoas.

Opariak eta jostailuak: Lastlevel, Juguetronica.

Etxeko gauzak: Nedis, Red Point Source.

Informatika eta telefonia: E-nuc.

Arropa eta osagarriak: Grupocoas, Brands Distribution.

Automozioa: Euromontyres, Auto Gar.

Ostalaritza eta elikadura: Ecopasión.

Interesgarria, ezta? Gogoratu Gaztenpresan prestakuntza-ikastaroak eskaintzen ditugula zeure online denda irekitzeko asmoa baduzu, eta, orokorrean, zure negozioa martxan jartzeko behar duzun aholkularitza eskura dezazun. Zain gaituzu.

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Harpidetu blogean

Idatzi zure helbide elektronikoa, sarrera berrien jakinarazpenak jasotzeko.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?