Denboraren gestio eraginkorra zertan datzan azalduko dizugu - Gaztenpresa

Denboraren gestio eraginkorra zertan datzan azalduko dizugu

Denbora ez da urrea: are baliotsuagoa da. K.a. III. mendean, Teofrasto filosofoak hau esan zuen: denbora da «gizaki batek gasta dezakeen gauzarik preziatuena». Gaur egun, 2.300 urte geroago, telelana bete-betean goraldian dagoela, denboraren gestioa hobetzea funtsezkoa da edozein enpresarentzat: bai produktibitatea hobetu nahi duten korporazio handientzat, bai euren zereginak gero eta eraginkorragoak izatea behar duten ETE eta autonomoentzat.

Nola hobetu denboraren gestioa

Baina, zer da denboraren gestioa? Nola hobe dezakegu? Horri buruz ari garenean, pertsona batek bere lan-denbora ahalik eta ondoen banatzeko eta bere zeregin eta proiektu guztiak behar bezala egin ahal izateko duen gaitasunaz ari gara. Eta, egunak 24 ordu baditu ere, erronka da lan-ordutegian helburu hori lortzea, batez ere ekintzaile eta autonomoak direnentzat.

Denbora eraginkortasunez erabiltzeko, hainbat gauza egin ditzakezu zure egunerokoan.

  1. Zehaztu zure eguneroko zereginak, eta ipini arreta bakoitzean. App espezifikoak erabil ditzakezu, edo arbel bat edo koaderno soil bat, baina garrantzitsuena da egunean zehar egin nahi dituzun zereginak idatzita izatea, horietako bakoitzean arreta ipintzeko eta bete ahala ezabatzeko. Komeni da errealista izatea eta ahal baino gehiago egiten ez saiatzea; bestela, ikusiko duzu lanak zure denbora librea nola irensten duen.
  2. Jarri lehentasunak ordenan. Premiazko gauzak zerrendako lehen postuetan jarri behar dituzu, eta produktibitaterik handieneko uneak aprobetxatu zereginik zailenak egiteko. Ahal baduzu, utzi mekanikoenak diren edo ahalegin intelektualik txikiena eskatzen duten zereginak lan-egunaren amaierarako.
  3. Erabili hegazkin-modua zure mugikorrean. Erreparatu diozu egunean zehar zenbat jakinarazpen iristen zaizkizun mugikorrera? Eta zenbat denbora erabiltzen duzun whatsapp pertsonalei erantzuten? Denbora eraginkortasunez kudeatu nahi baduzu eta zure zereginak bete arreta galdu gabe, jarri mugikorra hegazkin-moduan, edo isildu eta gorde ikusten ez duzun leku batean. Atseden bat egiten duzunean kontsultatu ahal izango duzu.
  4. Izan zure lan-espazioa ordenatuta. Askoz errazagoa da zure karpetak eta dokumentuak sortzen dituzunean antolatzea handik aste batzuetara bilatzen duzuna txarto sailkatutako dokumentu-pilo baten erdian aurkitzen saiatzea baino.
  5. Gaur egun, agerikoa da denontzat bideokonferentzia bidezko bilerak ohikoak izango direla aurrerantzean, eta denbora aurrezten laguntzen dutela. Teknologia berriei esker ez da beharrezkoa aurrez aurreko bilera bat egitea mezu bat helarazi nahi duzun bakoitzean, batez ere enpresa txiki bateko partaidea bazara. Askotan, mezu hori emateko, nahikoa da bideokonferentzia puntual bat egitea edo mezu elektroniko bat bidaltzea. Eta, mezu elektronikoak doakoak izan arren, komeni da «ok», «eskerrik asko» eta antzeko baieztapenak ez erabiltzea: sarrera-erretilua betetzeko eta mezuak irakurtzean denbora galarazteko, ez dute beste ezertarako balio.
  6. Utzi denbora-apur bat egunean zehar sor daitezkeen ustekabekoetarako. Jardunaldiaren amaiera da ustekabekoei heltzeko unerik onena: premiazkoak badira, horiek egiteko marjina daukazu, eta, ez badira, hurrengo egunetarako utz ditzakezu.
  7. Ikasi ezezkoa behar bezala kudeatzen. Batzuetan, zerbait egiteari uko egiten jakin behar da, bai freelancea bazara, bai enpresa bateko kidea bazara. Freelancea bazara, ez dakizkizun gauzak egiten saia zaitezkeelako, zure bezeroak pozik uzteko; eta litekeena da, ahalegin handia egin arren, denbora galtzea. Eta, enpresa txiki batean bazaude, zure lanaldia izugarri luza daitekeelako eta, beharbada, zure lanbide-profilarekin bat ez datozen lanak egin beharko dituzulako.

Denbora kudeatzeko estrategiak

Hala ere, eskala txikiagoan, ETE-ek eta autonomoek ere denbora kudeatzeko estrategiak erabili behar dituzte, euren aukera, tamaina eta ekoizpen-premien arabera egokiagoak. Estrategia horietako batzuk dira digitalizazioa eta denbora ahalik eta ondoen kudeatzen laguntzen duten tresna berritzaileak, hala nola 5G teknologia, konexio-abiadura nabarmen handitzen duena eta latentzia-denborak murrizten dituena. Horiekin batera, badaude enpresa-prozesuak hobetzen eta denbora aurrezten laguntzen dizuten hainbat gestio-software; besteak beste, Rescue Time, ETE eta autonomoen produktibitatea neurtzen duena eta hobetzen laguntzen duena.

Baina, horrez gain, talde-lana errazten duten elkarlanerako tresnak daude, hala nola Microsoft Office 365, Google Drive, Dropbox, Asana, Trello eta Workplace, eta hainbat parte-hartzaileren arteko bideokonferentziak egiteko aukera ematen duten aplikazioak, esaterako Skype, Zoom, Hangouts, Meetin.gs eta Teams.

Gaztenpresan gaitasunak hobetu nahi dituzten ekintzaileentzako ikastaroak ditugu, hala nola denboraren gestioari buruzkoa, zure proiektuak eraginkortasunez antolatzeko ezinbestekoa.

Iruzkinak 0

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

HARPIDETU

Harpidetu blogean

Idatzi zure helbide elektronikoa, sarrera berrien jakinarazpenak jasotzeko.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies

Log in with your credentials

Forgot your details?